XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dugu jakingo, zer dakigun, eta ez dugu ezer jakingo.

Eta ez da gure libertatea izango: gure derrota definitiboa izango da hori.

19. [Biolentziaren eztabaida frakasatua] Franco 1975ean hil zen.

Trantsizioa deritzon hurrengo prozesuan, teologoak, moralistak, filosofoak, indargintzaren zilegitasuna (edo eza) gogotik ahalegindu dira ebazten, gai hori kasik modan bezala egoteraino urte horietako mahai-inguru eta sinposio monografikoetan.

Hamar urte baino lehen, biolentziaren eztabaida etiko honek (lehen fasea), ikusita zegoen, frakasatu egiten zuela: greko batek ez zuen problema handirik edukiko (Tukidide, Aristotele), baina gure oraingo razionalitatearen modeloan, etiko-razionalki soil-soil, ez gaitzeritzi, ez oneritzi ahal izatera iristen gara biolentzia orokorki.

Biolentziaren legitimitateak uko egiten dio, nonbait, inolako moldetan printzipioz razionalizatua izateari, Estatu modernoaren markoetan.

Kontsidera daiteke nolabaiteko frakasoren bat, nahi bada, biolentziaren eztabaida etiko hark zilegitasun-auziarena beste planteamendurik eta beste diskurtsorik ez asmatu izatea, edo haren kondenaren auzi antzuan indarrak alfer-alferrik xahutu izatea, inolako emaitzatara heldu gabe.

Baina hori beste natura bateko problemekin dago lotuta, hobeto begiratzen bada: okerragoa eztabaida etikoaren edo filosofikoaren frakasoa baino, eztabaida politikoaren frakasoa da.

Ez bait dago ondoriatzerik etikak biolentziaren arazoan deus ez daukala zer esanik, ez delako trebe izan aurrenik haren legitimitatearen auzi oinarrizkoa garbiro eta erabakiorki mozteko.

Baluke franko zer esanik.

Hortakoz ezin exito bat kontsidera liteke, postfrankismoan entseiatu den eztabaida etikoa: eta arrazoi nagusia, nire ustez, izan zen, biolentziaren bai / ez (kondena / apologetika) korapiloan endredatu izana alfer-alferrik.